Deskribapena
Deskribapena
Lanaldia amaitu zuenean, Vicente Gajate Martín bere autotik jaitsi zen, gaueko 10ak inguruan etxera joateko. Bi terrorista zituen zain, eta zenbait tiro jo zizkioten. Vicente bi ibilgailuren artean erori zen lurrera, eta hantxe bertan hil zen.
Terroristek lapurtu egin zuten ekintzarako erabili zuten ibilgailua, eta jabea maletategi barruan zeukaten, atentatua egin bitartean; hala, Gajateren kontrako tiroak entzun behar izan zituen hark, ezer egiteko aukerarik gabe. Autoa abandonatu egin zuten, eta jabeak ostikadak jo behar izan zizkion maletategiari, irten ahal izateko.
Garai hartan, ETAren inguruan “PSOE GAL berdin da” eslogana entzuten zen. Horixe izan zen taldeak Vicenteren hilketa justifikatzeko erabili zuen arrazoia, hura PSOEren afiliatua eta UGTren militantea baitzen. Izan ere, urte batzuk lehenago zinegotzi sozialista izan zen lehen hauteskunde demokratikoak baino lehen Errenteriako Udalaren kargu hartu zuen gestoran.
Konplize gisa zigortu zuten bat biktimaren lankidea zen, Pedro Maria Cuesta Garmendia udaltzaina.
Errenterian lau mila pertsona bildu ziren, ordura arte ETAren kontra bildutako jende multzo handiena, atentatuagatiko protesta ekitaldi batean. Deiadarretako batzuk “ETA, traidores, matáis trabajadores” edo “ETA, racista, fascista, da la cara” izan ziren.