Deskribapena
Deskribapena
Hogei bat tiroz hil zituzten Antonio Alés Martínez, Ángel García Pérez eta Pedro Sánchez Marfil, azken honen emaztearekin Izaro tabernara afaltzera joan zirenean. Taberna hartan etorkinak ibiltzen ziren, eta Guardia Zibileko agenteak ere joan ohi ziren bertara. Agenteek barran edaria eskatu eta minutu gutxira, lau gizonezko sartu ziren lokalean, eta bi gin-tonic, kuba-libre erdi bat eta tonika bat eskatu zituzten; horiek ordaindu eta kalera irten ziren. Segundo batzuk geroago tabernan sartu ziren atzera, atean aparkatutako ibilgailu baten barruan lagata zituzten armak eskuan.
Sánchez Marfil agentearen emaztea taldetik bortizki bereizi ondoren, terroristak atzetik eta hurbiletik tiro egiten hasi zitzaizkien hiru guardia zibilei; guardiek ez zuten gertatzen ari zenaz jabetzeko astirik izan. Agenteak ia-ia unean bertan hil baziren ere, lurrera erortzean buruan tiro bana emanda errematatu zituzten. Lau terroristek ihes egin zuten, ETAren kolaboratzaile Juan Maria Tapiaren laguntzarekin lapurtu zuten ibilgailu batean; aurrez, Tapiak bere etxean lo egiten utzi zien gainera.
Atentatuaren unean tabernan bezero asko bazegoen ere, lekukoetako inork ez zuen ikerkuntzan lagundu nahi izan, ezta aurpegia agerian jardun zuten terroristak nor ziren argitzen ere. Alabaina, Guardia Zibilak atentatuko terroristetako baten aztarnak jaso eta identifikatu ahal izan zituen, Pedro Leguinarenak baitziren.