Deskribapena
Deskribapena
1994ko uztailaren 27an, Valentin Lasarte etakideak garondoan tiroa joz hil zuen Jose Manuel Olarte Urreizti enpresari gipuzkoarra, hura lagun batzuekin kartetan ari zela Donostiako Alde Zaharreko elkarte gastronomiko batean. Jose Manuel goizeko ordu biak baino lehentxeago hil zen Arantzazuko Ama ospitalean.
Olarte zegoen elkarte gastronomikoa, Unión Artesana deitua, Gaztelupe elkarte gastronomikotik hirurehun bat metrora dago; Gaztelupen hil zuten, hain zuzen, futbolari ohi eta enpresari Jose Antonio Santamaría Vaqueriza, Olarteren kontrakoaren oso antzeko atentatu batean, 1993ko urtarrilaren hogeiko goizaldean. Kasu hartan ere Valentin Lasarte izan zen garondoan tiroa jo ziona, lagunekin elkartean afaltzen ari zenean Donostiako Danborradaren ospakizunetan.
Jose Manuel Olarte eta Jose Antonio Santamaría Donostiako Probintzia Auzitegiko Fiskaltzaren txosten batean agertu ziren; horretan, Gipuzkoako kontrabando eta narkotrafikoko ustezko sare batzuetako funtsezko pertsonatzat aipatzen zituzten. Horixe izan zen ETAk Olarteren hilketa justifikatzeko erabili zuen aitzakia.
Aipatzekoa da Santamaríaren zein Olarteren abokatua Fernando Múgica Herzog izan zela, 1996an ETAk hila halaber. Valentin Lasartek hiru hilketetan hartu zuen parte.
Olartek heriotza-zigorra zuen ezarria egunkari eta liburuetan agertutako informazio horiengatik guztiengatik. Orduko Gipuzkoako gobernadore zibilak El País egunkariari adierazi zionez, biktimari pertsonalki eman zioten aditzera, hilketa baino hiru hilabete lehenago, ETAk bere mugimenduei buruzko informazio zehatza zuela.