Deskribapena
Deskribapena
Ignacio Ibargutxi Erostarbe eta Juan Manuel eta Pedro Conrado Martínez Castaños anaiak hiru gazte bizkaitar ziren, eta agente komertzial lanean aritzen ziren, etxez etxe salduz euskaraz ikasteko liburuak, diskoak eta materialak. Tolosara joaten zirenean, Beti Jai jatetxean bazkaldu ohi zuten.
1981eko ekainaren 24an, ETAko Goierri komandoko kide batzuek poliziako agenteekin nahastu zituzten hiru gazteak, eta ibilgailuan sartzear zirela, terroristek tiro egin zieten. Juan Manuel Martínez eta Ignazio Ibargutxi hantxe bertan hil ziren; Pedro Conrado zaurituta geratu zen, eta handik bederatzi hilabetera hil zen, zaurien larritasunaren eraginez. Lehen une batean ETAk ukatu bazuen ere atentatuan ardurarik zuenik, azkenean ohar bat bidali zien familiei, onartuz hiru gazteen hilketa “akatsa” izan zela.
Ignacio Ibargutxik 26 urte zituen, Ugaokoa zen (Bizkaia), eta EAJri lotutako familia nazionalista batean hazi zen. EGIko militantea zen, eta herriko batzokia martxan jartzeko lanean parte hartua zen. Hil zutenean, EAJk agindu zuen bere egoitza guztietan ikurrina haga erdian jartzeko, doluaren adierazgarri. Ignaciok bi hilabete geroago ezkontzeko asmoa zuen.
Hiru gazteen hilketak astindu handia eragin zuen arren Tolosan, pertsona talde txiki bat baino ez zen izan atentatuaren lekuan biharamunean egindako kontzentrazioan.