Deskribapena
Deskribapena
1987ko abenduaren 11an, goizaldean, ETAko Argala komandoak auto bat aparkatu zuen Guardia Zibilak Zaragozan zuen kaserna baten ondoan, Kataluniako hiribidean. Autoaren barruan 250 kilo amonal zituen bonba bat ezkutatu zuten. 6.10ak aldera, Henri Parot terrorista autotik jaitsi, urrunetik lehergailua aktibatu eta ihes egin zuen.
Eraikinaren segurtasunaz arduratzen ziren agenteek, atentatu bat izan zitekeela ikusi zutenean, lana banatu zuten. Bata terroristaren atzetik joan zen, baina auto bat Paroten zain zegoen ihesaldiari ekiteko. Bestea kasernaren etxebizitzetara igo zen lehergailu-teknikari baten bila. Baina ez zuen denborarik izan. Lehergailuak eztanda egin zuen eta etxebizitza bloke bati eragin zion bete-betean. Han agenteen 40 bat familia bizi ziren, baita Espainia osotik akademiara etorritako ikasleak, haietako asko guardien seme-alabak.
Eraikina eraitsi egin zen eta hamar metro baino gehiago zuen zuloa ireki zen. Hedatze-uhinak hurbileko beste eraikin batzuei eragin zien ere. Guztira, hamaika hildako egon ziren –haietako sei adin txikikoak- eta 88 zauritu.
María Dolores Franco Muñoz lotan zegoen. Kasernaren barruko etxebizitza batean bizi zen bere familiarekin. Senarra Guardia Zibileko agentea zen eta bera etxekoandrea zen. Aurreko urtean iritsi ziren. Senarra –Emilio Capilla Tocado- eta alaba –Rocío, 12 urte- leherketaren ondorioz hil ziren, baina seme txikia –Emilio, 9 urte- bizirik atera zen.