Gallery

Deskribapena

Jaioterria: Santa cruz de Tenerife
Adina: 32
Seme-alabak: 2
Egoera zibila: Ezkonduta
Lanbidea: Polizia Nazionala
Atentatuaren data: 18/11/1990
Atentatuaren lekua: Santurtzi
Arma: Lapa-bonba
Hiltzailea: ETA

Deskribapena

José Francisco Hernández Herrera 1981ean sartu zen Polizia Nazionalaren Kidegoan, eta bederatzi urte geroago ETAk hil zuen. Polizia Nazionalaren bi dotazio itzultzen ari ziren Santurtziko futbol zelaian zerbitzua eman ondoren. Halako batean, bazterbidean aparkatuta eta ehun kilo amonalez eta berrehun kilo metrailaz kargatuta zegoen bonba-kamioi bat urrunetik aktibatu, eta hedatze-uhinak martxako bigarren ibilgailua harrapatu zuen; hartantxe zihoazen José Francisco Hernández Herrera eta Daniel López Tizón, eta unean bertan hil ziren. Isidro Villalibre Torrada eta Antonio Suárez Bujía ere larri zauritu ziren leherketan.

Familiak telebistaren bitartez izan zuen José Franciscoren hilketaren berri, eguerdiko albistegiarekin. Arrebetako bat, Ángeles, sukaldean zegoen kazetariari entzun zionean anaiaren hilketaren berri ematen. “Arratsaldeko ordu biak ziren”, gogoratzen du. “Albistegia ireki zuen berria izan zen. Ez dakit zer egin nuen. Nire ama korrika etorri zen. Aldamenean bizi zen. Zerbait gertatu zela entzun zuen, ez zekien ordea zer. Aita tabernan zegoen. Nire alaba bidali genuen, hari etortzeko esateko” (La Opinión de Tenerife 2011/01/20).

Ehun pertsona baino gehiago joan ziren Los Rodeos aireportura José Franciscoren gorpua zekarren hilkutxa hartzera; ETAren terrorismoaren bederatzigarren biktima kanariarra zen, eta Tejinako hilerrian eman zioten lur. José Franciscoren familiak dio babestuta sentitu dela, baina bakar-bakarrik bere jaioterrian, bertan bizitzen segitzen baitute senide gehienek. Are gehiago, herriko kirolari zuzenduta egiten den San Marcos lehiaketako sarietako batek haren izena du, eta lehiaketa egiten duen klubak José Franciscoren erretratu bat dauka bere egoitzan. Gainera, herriko udalak haren izena jarri zion herriko kale bati.

Prentsa