Deskribapena
Deskribapena
José María Azaola Martínez, Bilbon jaioa, 1947an erbesteratu zen lehen aldiz Frantziara, frankismotik ihesi. Hiru urte geroago Euskadira itzuli, baina 1950ean erbestera jo zuen berriro. 1968an Frantzian egon zen. Orduan Euskal Herrira itzuli eta ETAn sartu zen. Horren ondorioz, bederatzi hilabete eman zituen kartzelan, 1972an Lorenzo Zabala industrialariaren bahiketan parte hartzeagatik.
Kartzelatik irten zenean Frantziara itzuli, eta historia alda zezakeen plan batean parte hartu zuen 1974an. Arrantza operazioa zen; horren bitartez ETAk Joan Borboikoa bahitu nahi zuen, Giralda yatea Monakoko portuan atrakatu ohi zuela aprobetxatuta, eta hura askatzearen truke ETAko presoak kartzelatik ateratzea eskatu. Hamaika etakidez osatutako taldeak, tartean ziren Txomin Iturbe, Isidro Garalde ‘Mamarru’, Jose Luis Arrieta ‘Azkoiti’, Juan José Rego Vidal eta Azaola bera, prest zeukan guztia, baita hura gordeko zuten Nizako etxea ere. Alabaina, Azaola ez zegoen ados, eta ETAren planaren berri eman zien erbesteko Eusko Jaurlaritzaren lehendakariari eta poliziari. Plana zapuztu egin zen, eta ETAk mendekua agindu zuen. Azaolak amnistia legeari heldu zion 1977an, eta Getxon jarri zen bizitzen, delineatzaile lana egiten baitzuen bertan.
1978ko abenduaren 19an ETAko kide batzuek garaje batean itxaron eta tiroz hil zuten. Kaputxadun batek haren bi lankideak destatu zituen arma batez, eta beste terrorista biktimarengana joan eta hiru tiro jo zizkion sabelalde eta bularraldean. Talde terroristak hiru gazte utzi zituen umezurtz; hilabete lehenago galdua zuten halaber ama.
Prentsa



